« Back
Zeraingo sagardotegietara joateko doako autobus zerbitzua jarriko da martxan
2012-02-21 ¦ Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea
Martxoaren 1etik hasita, ostiral eta larunbat iluntzetan doako autobus zerbitzua jarriko da Ordizia, Lazkao eta Beasaindik nahiz Legazpi, Zumarraga- Urretxu eta Ormaiztegitik Zeraingo Oiharte eta Otatza sagardotegietara joateko.
Autobus bat Legazpitiko eliza ondoko autobus geltokitik abiatuko da 20:00etan, Zumarragako tren geltokian geratuko da 20:15etan, eta Ormaiztegin frontoi aurrean 20:25ean. Beste autobusa Ordiziako tren geltokitik abiatuko da 20:00etan, Lazakaon Lazkao Txikiren plazan geratuko da 20:15ean eta Beasaingo tren geltokian 20:25ean. Itzulerako ordua berriz, 12:30ean izango da. Erreserba egiteko sagardotegietara bertara deitu behar da (OTATZA: 943 801757 / OIHARTE: 686 299 158). Zerbitzu honen bidez, kotxea hartu behar dutelako sagardotegira joateko beldurrez dagoen jendeari konponbidea eman nahi zaio. Era guztietarako pertsonentzako dago pentsatua: kuadrillak, lagun talde txikiak, lantokietako lagun taldeak, familiak, gazte taldeak... Hala, sagardotegietako txotx garaia indartu eta bezero berriak erakartzeaz gain, herriko garapen sozio-ekonomikoa bera indartu nahi da. Beheko hauexek dira autobusaren ibilbideak:
- IBILBIDEA:
HERRIA ORDUA TOKIA Legazpi 20:00 h. Eliza ondoko autobus geltokia Zumarraga-Urretxu 20:15 h. Zumarragako tren geltokia Ormaitzegi 20:25 h. Frontoi parea
- IBILBIDEA:
HERRIA ORDUA TOKIA Ordizia 20:00 h. Tren geltokia Lazkao 20:15 h. Lazkao Txikiren plaza Beasain 20:25 h. Tren geltokia
“Gazta eta sagardoaren mendia” izeneko proiektua Goierriko hainbat puntutatik Zeraingo Oiharte eta Otatza sagardotegietara joateko autobus zerbitzua jartzea “Gazta eta sagardoaren mendia” izeneko proiektuaren barnean ulertu behar da. Proiektu hau gaur egungo merkatuaren azterketa egin ondoren eta turismo arloan gastronomia geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari dela ikusirik sortu da. Helburu nagusia da Zeraingo bi produktu izarrak lotzea, hau da, GAZTA eta SAGARDOA lotzea. Hala, sagardotegietara joateko autobus zerbitzua jartzeaz gain, beste hainbat egitasmo ere abian dira. Otsailaren 6an esaterako, Sagardozale elkartearekin elkarlanean katak nola egiten diren jakiteko ikastaroa antolatu zen Otatza sagardotegian. Ikastaroaren balorazioa oso positiboa, bai partehartzaileei dagokienez, baina baita piztu zuen interesarengatik ere. Beraz, sustatzailek bigarren ikastaro bat ere egitea pentsatzen ari dira. Ildo beretik, gazta katak nola egin jakiteko ere ikastaro bat antolatu nahi da eta lehenengo katak profesionalek lagunduta egiteko aukera baloratzen ari dira sustatzaileak. Horrezaz guztiaz gain, sagardogintzaren inguruko ikus-entzunezkoa prestatzen ari dira “Gazta eta sagardoaren mendia” proiektuaren sustatzaileak. Erakusketa bat ere antolatuko da eta Zeraingo turismo bulegotik gaztandegiak bisitatzeko aukera ez ezik, erakusketa bisitatu eta sagardo nahiz gazta katak egiteko aukera ere eskainiko da. Informazio gehiagorako deitu Zeraingo Turismo bulegora 943 80 15 05.





