Ordiziako Sagardo Eguna
Ordiziako Sagardo Eguna izango da irailean, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta eta Ordiziako Udalaren laguntzarekin.
Iaz hasitako bidetik, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak heldu dio antolakuntzari eta honenbestez Donostiakoaz gain, Goierrin Ordiziako sagardo eguna ere berak antolatuko du. Gipuzkoako sagardotegietako sagardoa izango da bertan, sagardogileek berek zerbitzatuta.
Sagardoa kupelean egiten da, eta botilan borobildu, eta produktua momenturik onenean dastatzeko aukera izango da iraileko bigarren larunbatean. Izan ere sagardoa urte osoan edateko da egokia, sagardotegietan kupeletik txotxean, nahiz botilatik urte osoan zehar eta nonahi. 2011eko uztako sagardoak izango dira Ordiziako festa handian: Kalitate handiko sagarra izan zen Gipuzkoan iaz, eta horrek izaera berezia eman dio sagardoari, fruta usain eta zapore handikoa eta mikaztasun puntu egokia duena.
Iraileko dastatzeak sagardoa promozionatzeaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko gunea izan nahi du: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Eta neurrian kontsumitzeko mezuarekin jarraituko du Sagardogile Elkarteak aurten ere, kontsumo arduratsu baten alde eginda.
